Eraikuntza eta obrak

Ihobe Eusko Jaurlaritza

ERAIKUNTZA-MATERIALEN EKONOMIA ZIRKULARRA

Eraikuntza-, berrikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH) EBn sortutako hondakin-fluxu astun eta handienetako bat dira, eta, hala, administrazio guztien ekonomia zirkularreko lege-xedapenen lehentasunezko xedea dira, Europako Itun Berdean eta 2030erako Euskadiko Ingurumen Esparru Programan jasotzen den bezala.

EEHen esparruan azken urteotan egin diren hainbat proiekturi esker, gero eta ekimen anbiziotsuei aurre egin eta burutu ahal izan dira, zeinetan digitalizazioak garrantzi handia baitu, eta erakustaldi praktikoak egin dira, teknologiak baliozkotzeko, eta, hala, eskala handiagoan ezartzeko. Sektoreak garrantzi handia du Euskadin; izan ere, IHOBEk etengabe argitaratzen ditu jardunbide egokien gidak eta katalogoak, hala nola “Obren kontratazioan bigarren mailako materialak sartzea” (2023), “Euskadiko eraikuntza industrializatu jasangarriaren gida” (2021) eta “Jardunbide egokiak birziklatutako materialen erabileran obra zibilean Euskadin” (2019).

KOLABORATZAILEAK

TECNALIA zentro teknologikoa da ICEBERG proiektuaren buru, eta Europako hainbat herrialdetako 35 erakundek hartzen dute parte bertan. Proiektuak aurrerapenak ezartzen ditu eraikuntzaren industriako ekonomia zirkularrean. Hala bada, alderantzizko logistika zirkularreko tresna berritzaileak eta balio handiko bigarren mailako lehengaiak ekoizteko teknologiak garatu ditu, merkatuaren konfiantza eta balio-bizitzaren amaieran birziklatutako eraikuntza-materialen onargarritasuna lortzeko.

Proiektuaren helburua da purutasun handiko (% 92tik gora pisuari dagokionez) bigarren mailako lehengaiak ekoizteko teknologia aurreratuak diseinatzea, garatzea, frogatzea eta baliozkotzea, Europa osoko kasu zirkularren 6 azterlanen bidez. Azterlan horiek zuraren, hormigoiaren, agregakin mistoen, igeltsuzko plaken, beiraren, apar isolatzaile polimerikoen eta super isolamendurako material ez-organikoen zirkulartasuna lantzen dute. Alderantzizko logistika zirkularreko hiru irtenbide berritzaile aplikatzen dira: aurre-eraispenerako tresna adimendun bat, eraikuntzako informazioaren modelatuak lagunduta (BIM) —hondakinen kuantifikazioan % 80tik gorako doitasunarekin—; trazabilitateko plataforma digital berritzaile bat eraikuntzako bizi-amaierako materialetarako (EBM), eta irrati-maiztasunean eta QR kodeetan oinarritutako identifikazio-sistema bat.

EBM berreskuratzeko teknologia berrien garapenak honako hauek barne hartzen ditu: teknologia hiperespektrala (HSI), ikaskuntza automatikoko softwarea eta agregakin nahastuen sailkapenaren efizientzia handitzeko manipulatzaile robotikoak; birrintze-, sailkatze- eta garbiketa-sistema integratu optimizatua eta zurezko frakzioetarako pirolisi- eta arazketa-prozesu azkarrak; atrizio termikoko unitate mugikorra; sailkapen eta arazketa azidoa duen hidrozikloi konbinatua, igeltsu birziklatuko plaken purutasuna handitzeko; apar isolatzaile polimerikoetarako arazketa- eta solbolisi-prozesu konbinatua, eta beira eta silizea duten hondakinen prozesatze hidrotermiko aurreratua.

ICEBERG proiektuak HISER proiektua sakontzen du. IHOBEk ICEBERG proiektuan parte hartzeari esker, Euskadin azterketa-kasuak gauzatu dira, zeinak garrantzitsuak baitira erreplikatu egin daitezkeelako (kasu honetan, zeramikazko produktu zirkularretan, silizezko aerogelean eta poliuretanoan oinarritutako produktuetan zentratuak). Gainera, proiektuaren garapen teknikoak Euskadiko erregulazio teknikoetan inplementatu dira, eta, horrela, emaitzak transferitzen lagundu. 

ICEBERG proiektuaren diseinuari laguntza teknikoa eta ekonomikoa eman dio IHOBEk, EKOBERRIKUNTZA PROIEKTUEN FABRIKA ekimenaren esparruan. ICEBERG proiektua Europako HORIZON 2020 programak finantzatu du, eta IHOBE izan du kide.