Eusko Jaurlaritzaren Ekoberrikuntza Zirkularrerako Programaren esparruan 2016 eta 2021 artean amaitutako proiektuen emaitzak aurkezten dizkizugu. Ihobek, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen-kudeaketarako sozietate publikoak, kudeatzen du programa, eta ekodiseinua, ekonomia zirkularraren erakustaldia eta ekoberrikuntza estrategikoa bultzatzen ditu Euskadiko enpresen artean. Helburua Europar Batasuneko politika zirkular berriei aurrea hartzen dieten industria-soluzio hurbilak sortzea da, enpresak merkatu globalean lehiatzeko moduan kokatzen dituen bide hau jarraitzera animatuz.
Hainbat industria-sektoretan gauzatutako 200 proiektu inguru bildu dira, besteak beste honako arlo hauetakoak: elikadura, eraikuntza, energia, mugikortasuna, osasuna, industria eta turismoa. Proiektu hauek euskal enpresek garatu dituzte, eta xedeak materialen eraginkortasuna hobetzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta ekonomia zirkularra sustatzea dira.
Proiektu bakoitzak fitxa bat du; fitxa horretan, proiektuaren deskribapen teknikoa egiten da eta grafikoki proiektu guztien ingurumen, teknika, ekonomia, merkataritza edo merkatuko bideragarritasuna jasotzen da, etorkizuneko I+G+Bn eragiteko oztopoak eta beharrak non dauden jakiteko.
Gainera, proiektu guztiei dagokienez hasieran ezarri ziren eragile nagusiak azaltzen dira, hala nola ekipoen ekodiseinua, negozio-eredu zirkularrak, berotegi-efektuko gasen murrizketa, ingurumen-posizionamendua eta gardentasuna, erosketa publiko berdea, ekoizlearen erantzukizun zabaldua, plastikoak, ekoizpen-teknika onenak, lehengaien kostua eta hornidura, hondakinen isurketa murriztea edo zero kutsadura.
Fitxa bakoitzak proiektuaren izenburua eta akronimoa, testuingurua, helburua, lortutako emaitza teknikoak, ingurumenekoak eta enpresakoak, jasotzen ditu, baita hirugarrenentzat baliagarriak izan daitezkeen ondorioak eta ikaskuntzak ere.