Eraikuntza eta obrak
ERAIKUNTZA- ETA ERAISPEN-HONDAKIN KONPLEXUAK BIRZIKLATZEKO ETA BERRESKURATZEKO IRTENBIDE HOLISTIKO BERRITZAILEAK
Kalkuluen arabera, EBn eraikuntza- eta eraispen-hondakinen (EEH) urteko sorrera 550 milioi tonatik gorakoa izango da 2025 eta 2030 bitartean. EEHak gero eta konplexuagoak dira, eta beharrezkoa da birziklatzeko planteamendu tradizionaletatik birziklatzeko eta berreskuratzeko irtenbide berritzaileetara igarotzea. Horrek bermatuko du efizientzia handiagoa izango dela hondakinen lehentasunezko korronte horretan dauden baliabide mineralak, metalikoak eta organikoak berreskuratzean —horrela dago jasota Europako Itun Berdean eta 2030erako Euskadiko Ingurumen Esparru Programan—. Hala, Basque Ecodesing Center zentroaren zaintza estrategikoko txostenak, ekonomia zirkularra lortzeko gakoen artean, bigarren mailako lehengaiak lehengai birjinen ordezko gisa txertatzeko lege-proposamen espezifiko berrien xedeetako bat bezala jasotzen ditu eraikuntza-hondakinak. Aintzat hartzen dituen ekimenen artean, eraikuntza-produktuetarako ekodiseinuaren betekizun berriak edo pasaporte digital baten oinarri izango den datu-base bat ezartzea daude.
TECNALIA zentro teknologikoa da HISER proiektuaren buru, eta guztira 23 erakundek hartzen dute parte bertan. Proiektuak irtenbide metodologiko eta tresna errentagarri eta integral berriak formulatu, garatu eta probatzen ditu eraikuntzaren balio-kate osoan zehar. Horiek eraikuntzako hondakin-material motei, horien kalitateei eta kantitateei buruzko datuak biltzea eta prozesatzea errazten dute, eraispen- eta birgaitze-obrak gauzatzean sailkapen selektibo oso efizientea egiteko jatorrian. Smart BIM-SD tresna berri bat eta hornikuntza-katearen jarraipen-sistema berritzaile bat erabiliz, informazio zehatzagoa jasotzen da lehendik dauden eraikinetako hondakin-materialei buruz. Irtenbide horiek lagungarriak dira bizitegi-eraikinak eta bizitegikoak ez direnak eraistean/birgaitzean sortzen diren ondorengo hondakin-materialen egikaritze-prozesuari, in situ sailkapenari eta kudeaketari buruzko erabakiak hobeto hartzeko. Ondorioz, eraikina eraikitzen hasten denetik haren balio-bizitzaren amaierara bitartean, in situ sailkatutako hondakin-material gehiago sortuko dira.
Horiek oinarri hartuta, proiektuak eraikuntza-produktu errentagarri berriak garatu eta optimizatzen ditu, eta, horretarako, lehengai birjinen ordez EEH konplexuetatik berreskuratutako purutasun handiko bigarren mailako lehengaien kantitate handiagoak erabiltzen ditu. Hori lortzeko, EEH konplexuetatik abiatuta % 80 eta % 100 arteko purutasun handiko lehengaiak ekoizteko teknologia aurreratuak aplikatzen ditu. Beste produktu batzuen artean, hormigoi ekologiko errentagarri berri bat, zeinak 1.300 kg agregakin birziklatu baino gehiago baititu hormigoi berriko metro kubiko bakoitzeko; adreilu errentagarri berriak —horiek fabrikatzeko, hondar geldoaren frakzioaren zati bat EEHekin ordezkatu da (pisuaren % 10 arte)—; zeramika-material berreskuratua (“adreiluz egindako adreilua”); igeltsuzko plaka xurgatzaile berriak, suarekiko erresistenteak diren igeltsuzko entokadurak eta igeltsuzko plakez osatutako panelak, —igeltsu naturalaren eta zuntzen zati bat EEHekin ordezkatu da (% 50 arte)—, eta beste material birziklatu batzuk.
IHOBEk HISER proiektuan parte hartzeari esker, Euskadin azterketa-kasuak gauzatu dira, zeinak garrantzitsuak baitira erreplikatu egin daitezkeelako. Gainera, proiektuaren garapen teknikoak Euskadiko erregulazio teknikoetan inplementatu dira, eta, horrela, emaitzak transferitzen lagundu. IHOBEk, halaber, proiektuaren metodologien jarraipena babestu zuen, ICEBERG proiektuan ere parte hartuz.
HISER proiektuaren diseinuari laguntza teknikoa eta ekonomikoa eman dio IHOBEk, EKOBERRIKUNTZA PROIEKTUEN FABRIKA ekimenaren esparruan. HISER proiektua Europako HORIZON 2020 programak finantzatu du, eta IHOBE izan du kide.