Kimikoak
HONDAKINETATIK ABIATUTA PURUTASUN HANDIKO ZINK KONPOSATUEN LORPENA OPTIMIZATZEA
Zink oxidoa zinkaren familiako produktu kimiko inorganiko nagusia da, eta urtero munduko zinkaren % 8 inguru erabiltzen da hori ekoizteko, hau da, 1.000.000 tona. Metodo pirometalurgikoen bidez ekoizten da (zink-lingoteak lurruntzen dituzten labeetan) gehienbat, edo metodo hidrometalurgikoen bidez, lehengai gisa berriztagarriak ez diren baliabideak erabiliz, zeinak batez ere Hego Amerikan eta Australian kokatutako meategietatik baitatozte. Baliabide naturalen gaineko inpaktuaz eta horien kontsumoaz gain, metodo elektrointentsiboak dira, eta elektrolisi-etapa bat behar dute minerala desoxidatzeko eta metala ekoizteko, eta, ondoren, metal horren oxidazio-etapa bat. Ekoizpen-bide hori ez da oso efizientea, metalaren ekoizpenean geratzeko diseinatutako prozesuak direlako, zinkaren merkatu nagusia baitira (% 60 zink metala vs % 8 zink oxidoa).
Europako Itun Berdearen datuen arabera, munduko materialen erauzketa hirukoiztu egin zen 1970 eta 2017 artean, eta gora egiten jarraitzen du. Berotegi-efektuko gasen (BEG) guztizko isurketen erdia, gutxi gorabehera, eta biodibertsitatearen galeraren eta estres hidrikoaren % 90 baino gehiago baliabideak erauztearen eta materialak, erregaiak eta elikagaiak eraldatzearen ondorio dira. Industriak erabiltzen dituen materialen % 12 baino ez dator birziklatzetik. Energia-kontsumo handiko industriak ezinbestekoak dira EBko ekonomiarako, funtsezko hainbat balio-kate hornitzen baitituzte. Ezinbestekoa da sektore hau deskarbonizatzea eta modernizatzea. Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planak hondakin metalikoak hobeto kudeatzearen alde egiten du, metal horien inportazioekiko mendekotasuna murrizten baitu Euskadin, eta lehengaien erosketan eta enpleguan aurrezpen handiak eragiten baititu eta birziklatzean balio erantsia sortzen baitu.
VALZINC proiektuak BOSTLAN enpresa du buru. Bertan, zinka duten hondakinetatik abiatuta zinkezko konposatu komertzialak ekoizteari heltzen dio, gatzunak sortzea saihesten duen prozesatu baten bidez. Tratatu behar diren hondakinen artean daude galdaketa-errautsak, galbanizazioko lohiak eta matak, letoiaren galdaketaren zatiki finak eta bateragarriak izan daitezkeen beste hondakin batzuk, guztiak ere Euskadin sortutakoak, kasu batzuetan bolumen oso handietan. Prozesu berriari esker, zink karbonatoa eta zink oxidoa lor daitezke, kalitate eta purutasun kimiko nahikoa dutenak kautxuaren edo zeramikaren merkatuetan sartzeko, zehaztapen kimiko handikoak eta balio erantsi handikoak.
VALZINC proiektuan, instalazio pilotu bat eraiki eta martxan jarri beharko da, 100 kg-ko hondakin sortak baldintza erdi-industrialetan probatzeko aukera ematen duena, zink oxidoa ekoizteko. Instalazio pilotuak xehetasunez definituko du tratatu behar den hondakin bakoitzari zer prozesu aplikatuko zaion, eta industria-instalazio baterako beharrezkoak diren datuak lortzeko aukera emango du. Gainera, proiektuaren merkatu-plan bat diseinatu eta hasi da, zink-hondakinak biltzea ziurtatzeko eta lortu beharreko zink oxidozko produktuak homologatzeko prozesuak hasteko.
IHOBEk VALZINCen diseinua babestu du, eta alderdi kritikoak konpontzen lagundu du, hala nola sortutako gatzunen kudeaketa jasangarria eta administrazioak onar dezakeena, eta proiektua ezartzeko industria-kokaleku egingarrien kokapena. Negozio-planean eta bigarren mailako materialen eta produktuen helmugen iturrietan ere laguntza eman zuen. VALZINCen eraginez, prozesua industrialki ezartzeko finantzaketa bilatu behar izan da, baita zinka beste hondakin-iturri batzuetatik berreskuratzeko garapen-ekimen berriak ere.
VALZINC proiektuaren diseinuari laguntza teknikoa eta ekonomikoa eman dio IHOBEk, EKOBERRIKUNTZA PROIEKTUEN FABRIKA ekimenaren esparruan. VALZINC proiektua Teknologia eta Industria Garapenerako Zentroaren (CDTI) Berrikuntza eta Garapen Programak finantzatu du.