Metalgintza
HONDAKIN ERREGOGORREN BALORIZAZIO SISTEMATIKOA ETA INTEGRALA, "5R" DELAKOEN INGURUMEN-EREDUA APLIKATUTA
Beroari aurre egiten dioten edo erregogorrak diren materialak tenperatura altuetan lan egiten duten industrietako ekipamenduak babesteko erabiltzen dira (adibidez, altzairuaren, beiraren eta zementuaren ekoizpenean). Erregogorrak konposatu mineral sorta zabal batetik fabrikatzen dira: aluminosilikatoak, magnesita, dolomita, kromita, zirkonia, karburoak, nitruroak eta oxidoak. Material erregogorrak birziklatzea konplexua da, konposizio-desberdintasunak dituztelako aplikazioaren arabera. Gainera, ohikoa da erregogor mota bat baino gehiago erabiltzea labeen edo bestelako ekipamenduen estalduran, baita pieza erregogorretan ere, eta horrek are gehiago zailtzen du birziklatzea. Proiektu honen aurretik, erregogor batzuk —adibidez, zirkonia dutenak eta beste material espezializatuago batzuk—, ez ziren balorizagarritzat jotzen, eta, beraz, zabortegietan uzten ziren.
Erregogorrak eskuratu ahal izatea funtsezkoa da EBn altzairua ekoizteko. EBk 177 milioi tona altzairu ekoizten ditu urtean (munduko ekoizpenaren % 11), eta horrek munduko bigarren ekoizlea bihurtzen du, Txinaren ondoren. EBko material erregogorren sektoreak 4.000 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtean, baina lehengaien eskuragarritasunaren mende dago, eta horrek herrialde esportatzaileek —esaterako, Txinak— ezarritako baldintza zorrotzen eragina jasan dezake. Material erregogorren hondakinak dira Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planaren lehentasunezko korronteetako bat.
SIDENOR da LIFE 5RefrACT proiektuaren buru, eta, bertan,beste 5 erakundek parte hartzen dute. Proiektuak gaztelaniazko 5R (reducir, reutilizar, remanufacturar, reciclar reeducar; euskaraz: murriztu, berrerabili, birmanufakturatu, birziklatu, berrezi) delakoen ingurumen-eredua aplikatu du siderurgia-sektorean eta erregogorren merkatuan, batez ere Euskadin. Berrerabiltzeko eta birmanufakturatzeko praktika batzuk baliozkotu dira, eta ohiko moduan integratu dira SIDENOR enpresak Basaurin duen instalazioaren prozedura operatiboetan. Emaitza % 74ko berreskuratze-tasa izan zen, eta hondakin erregogorren isurketa urtean 1.848 tona murriztu zen. Hondakin erregogorrak detektatzeko eta bereizteko LIBS teknologia erabiltzeko sailkapen-algoritmo bat ere sortu da. Algoritmoak % 75eko arrakasta-tasa lortu zuen lagin itsuekin egindako proba batean. Emaitzak zenbait balorizazio-enpresarekin partekatu ziren, eta gaur egun etorkizuneko ekintzak aztertzen ari dira. Bizi-zikloaren azterketa batek 3.900 tona inguruko CO2 isurien murrizketa kuantifikatu zuen, baita energia-kontsumoarena ere, proiektu horren esparruan garatutako ekintzei esker.
Era berean, hondakin erregogorren % 30 eta % 70 artean biltzen zuten birziklatutako produktu erregogorren gama bat diseinatu, garatu eta probatu zen industrialki. Horrela, magnesia eta alumina oinarriko hainbat produktu baliozkotu ziren teknikoki, merkatu-perspektiba desberdinekin. Bi kasuetan, arau-esparruaren trantsizioa funtsezkoa da produktu horien ezarpenak arrakasta izan dezan, bai eta Europa mailako lege-neurrien interpretazioa bateratzea ere.
IHOBE laguntzaile aritu da LIFE 5RefrACT proiektuan; irtenbide horiek ekoizpen siderurgikoari buruzko BREF dokumentuetan (teknika erabilgarri onenei buruzko Europako erreferentziazko dokumentuak) teknika berri gisa sailkatzearen alde egin du, eta, horretarako, proiektua harremanetan jarri da eragile interesdunekin. Proiektuaren berri emateko eta hura sustatzeko ekintzak ere bultzatu ditu. Eskualde-araudi zorrotzagoak sartzea eta produktu berriak beste sektore batzuetan aplikatzea ere landu dira.
LIFE 5RefrACT proiektuaren diseinuari laguntza teknikoa eman dio IHOBEk, EKOBERRIKUNTZA PROIEKTUEN FABRIKA ekimenaren esparruan. LIFE 5RefrACT proiektua Europako LIFE programak finantzatu du (ENV/ES/000228).