Metalgintza

Ihobe Eusko Jaurlaritza

HEAT IT YOURSELF FOR SUSTAINABILITY. ZIRKULARTASUNA ENERGIA-KONTSUMO HANDIKO INDUSTRIETAN

Materialen eta energiaren erabilerari eta bizi-zikloari buruzko ezagutza eta berrikuntza berriak sortzea, produktibitate materiala handitzeko ekintza-eremu espezifikoak identifikatzea, irtenbide berritzaileak hartzea eta baliabideen aurrezpena eta hondakinen murrizketa bultzatzea dira 2030erako Euskadiko Ingurumen Esparru Programan jasotako “Zirkulartasunak balio-kateetan” proiektu eraldatzailearen helburu zuzenak.

Energia asko kontsumitzen duten industria gehienek bero moduan erabiltzen dute eta, prozesuko beroa aplikatu ondoren, tximiniek atmosferara isurtzen dituzte ihes-gasak. Ihes-gas horien hondar-beroa da fabrikazio-instalazioetako bero-galera handiena. Arku elektrikoko labea erabiltzen duten industria gehienek, gas beroen kopuru handi horiek atmosferara askatu aurretik, horien tenperatura jaisteko eta kutsadura ezabatzeko prozesu bat erabiltzen dute. Beraz, gasen beroa alferrik galtzeaz gain, energia ere kontsumitzen da horiek askatu aurretik tratatzeko eta horien tenperatura jaisteko.

Industria-prozesuetan hondar-beroa berreskuratzea oso kontu ezaguna da, baina baldintza “garbiak” dituzten tenperatura baxuko/ertaineko konponbideak bakarrik har daitezke orokorrean ezartzeko modukotzat. Substantzia kimiko kaltegarriak edo partikula kondentsagarriak dituzten fluxu beroen kasuan, kostu handiagoko ekipamenduak behar dira, eta zikintze-, degradazio- edo kutsadura-arazoak dituzte; hortaz, ikerketa- eta ezarpen-ahalegin gehiago egin behar dira horien potentzial energetiko guztia ateratzeko eta errentagarriak izan daitezen.

KOLABORATZAILEAK

CIC ENERGIGUNE zentroa da LIFE HI4S proiektuaren buru. Zortzi erakunde hartzen dute parte bertan (CIC ENERGIGUNE, ARCELORMITTAL SESTAO, ARCELOR MITTAL R&D, SDEA, ENERBASQUE, FIVEMASA, AZTERLAN eta LCE), eta instalazio pilotu bat eraikitzea da helburua, arku elektrikoko labe bateko (EAF) ihes-gasen hondar-beroa oinarri hartuta beroa eta elektrizitatea konbinatzeko teknologia bat frogatzeko. Teknologia berritzaile eta errentagarri horren bidez, gainera, teknologiaren efizientzia handitu nahi da, energia termikoa biltegiratzeko soluzio berritzaile bat txertatuta, non altzairugintzako zepak erabiliko baitira biltegiratze termikoko material gisa.

LIFE HI4S proiektuak tenperatura altuko zeramikazko iragazketa-sistemak erabiliko ditu teknologia tradizionalaren ohiko zikintze-arazoak saihesteko, eta energia termikoa biltegiratzeko sistemak, EAFetik datozen ihes-gasen izaera aldizkakoa eta ez-homogeneoa eskariaren arabera kudeatuko den energia erabilgarriaren iturri jarraitu eta homogeneo bihurtzeko. Berreskuratutako beroa, ahal dela, txatarra aurreberotzeko erabiltzen da; gainerako beroa, berriz, ORC ziklo baten bidez elektrizitatea sortzeko, batez ere instalazio pilotuaren autohornidurarako. Gainera, LIFE HI4Sk beroa berreskuratzeko eta energia aprobetxatzeko instalazioaren biki digital bat garatuko du, jarduteko modurik onenak zehaztu eta eskala aldatzea eta errepikatua izatea errazteko.

Labeetako hondar-beroa berrerabiltzeko aukera emango duen beroa berreskuratzeko eta elektrizitatea ekoizteko instalazioaren prototipoa ARCELOR MITTAL enpresak Sestaon (Bizkaia) duen lantegian instalatuko da, haren ingurumen-onurak in situ neurtzeko eta bideragarritasun ekonomikoa frogatzeko.

IHOBEk LIFE HI4S diseinatzen lagundu du; izan ere, BREF dokumentuetan (teknika erabilgarri onenei buruzko Europako erreferentziazko dokumentuak) industria-prozesuen beroa berreskuratzeari buruzko kapitulu espezifiko bat garatzeko eskatu dio proiektuari. Horrez gain, bizi-zikloaren eta negozio-ereduaren ikuspegia txertatzen ere lagundu du.

LIFE HI4S proiektuaren diseinuari laguntza teknikoa eta ekonomikoa eman dio IHOBEk, EKOBERRIKUNTZA PROIEKTUEN FABRIKA ekimenaren esparruan. LIFE HI4S proiektua Europako LIFE programak finantzatu du (GA n. LIFE20 CCM/ES/001733).