Eraikuntza eta obrak
EUSKADIKO UDALERRI TXIKI ETA ERTAINETAKO HIRIGUNEAK EGOKITZEA
2030erako Euskadiko Ingurumen Esparru Programak lurraldearen kohesio jasangarria herrialdeko proiektu eraldatzailetzat jasotzen du, eta bat dator UDALSAREA 2030-Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen ekintzekin. Sare horren helburua da tokiko jasangarritasuna sustatzea eta Euskadiko administrazio publikoaren maila guztien arteko koordinazioa sustatzea, udalerrien protagonismo bereziarekin. Besteak beste, lurraldearen zerbitzu ekosistemikoak bermatzea, gizarte- eta lurralde-garapen orekatua sustatzea edo Euskadiko paisaia-aniztasuna kontserbatzea du helburu proiektu horrek. Beste jarduera estrategiko batzuen artean, alderdi hauen garrantzia azpimarratzen du: eskualde bakoitzeko kontserbazio-egoera desberdinak identifikatzea; funtzio anitzeko eremuak identifikatzeko irizpideak ezartzea, hainbat ekosistema-zerbitzu optimizatzeko eta mantentzeko lurraldearen gaitasuna bermatzeko; azpiegitura berdeak sustatzeko lanei jarraipena ematea, eta toki-erakundeekin eta herritarrekin partaidetza-prozesu bat garatzea, balizko proiektu pilotuak baloratzeko.
Klima-aldaketaren ondorioek eragina dute pertsonen osasunean eta bizitzan: AEMETek Euskadiren inguruan emandako datuen arabera, gaur egun 2 egun irauten duten bero-boladak hazten joango dira, eta 2050ean 12 egunera iritsiko dira; ostera, gau beroek % 10 egingo dute gora hemendik 2050era. Gaixotasunen maiztasuna areagotuko da, azpiegituren gorabeherak ohikoagoak izango dira, eta biodibertsitatearen eta turismoaren gaineko ondorio negatiboak ere bai.
LIFE GOOD LOCAL ADAPT ekimena hiru enpresako partzuergo batek, zentro teknologiko batek eta hiru udalek (lurralde historiko bakoitzeko bat) bultzatu dute, eta GLOBAL FACTOR konpainia du buru. Proiektuak, lau urteren buruan, hainbat irtenbide landu eta eman ditu udalerri txiki eta ertainetan klima-aldaketara egokitzen laguntzeko, eta Amurrio, Balmaseda eta Legazpin aplikatu ditu. Hasiera batean, kontsulta publikoa egin da eta herritarrekin lanean aritu da klima-mehatxuak identifikatzeko eta udalerrien egokitzapenerako aukerarik onenak hautatzeko. Hori abiapuntu hartuta, irtenbide zehatzak eman, eta hainbat material garatu dira; horien artean, eraikin publikoak birgaitzeko proiektu arkitektonikoak eta espazio publikoa klima-aldaketara egokitzeko irizpideekin berrantolatzeko proiektuak nabarmentzen dira.
Espazio publikoa berrantolatzeko proiektua Legazpiko udalerrian gauzatu da; hala bada, euri-jasa bortitzetan urez erraz betetzen den eremu bat birgaitu da. Kasu honetan, herritarrek eta kostu-onura analisiek lehenetsitako hainbat irtenbide konbinatu dira, zeinak aldez aurretik gauzatu baitira LIFE GOOD LOCAL ADAPT esparruan. Zehazki, honako hauek biltzen ditu proiektu arkitektonikoak: zoladura iragazkorreko irtenbideak, bioerretentzio-eremuak, euri-uren biltegia eta landare-pergola bat eraikitzea, herritarrei itzala eskaintzen dien azpiegitura berde gisa.
IHOBEren laguntza izan da LIFE GOOD LOCAL ADAPT proiektuaren diseinuan, toki-administrazioa proiektuan parte hartzeko mobilizatuz, bai eta emaitzak UDALSAREA 2030-Udalerri Jasangarrien Euskal Sarera transferitzen ere.
LIFE GOOD LOCAL ADAPT proiektuaren diseinuari laguntza teknikoa eta ekonomikoa eman dio IHOBEk, EKOBERRIKUNTZA PROIEKTUEN FABRIKA ekimenaren esparruan. LIFE GOOD LOCAL ADAPT Europako LIFE programak finantzatu du.