Metalgintza

Ihobe Eusko Jaurlaritza

ALUMINIOZKO AZPIPRODUKTUEN BALORIZAZIOA ERREGOGORRAREN INDUSTRIAN

Energiari dagokionez intentsiboak diren jarduerek, hala nola altzairua eta aluminioa ekoizteak, produktu erregogorrak edo beroari erresistenteak erabiltzen dituzte labeetako estaldura babesle gisa. Produktu erregogorrak magnesita, grafitoa, dolomita, bauxita eta halako mineraletan oinarrituta fabrikatzen dira. Aluminio urtua ekoizteko, funtsezkoak dira bauxitaz egindako hormigoi erregogorrak —edo adreiluetan edo beste forma batzuetan moldaturiko bauxitazkoak—. EBk oso mendekotasun handia du baliabide natural horien (baita bauxitaren) inportazioei dagokienez. EBk milioi erdi tona bauxita erregogor inguru inportatzen ditu urtero, batez ere Txinatik. Orduan, EBko inportatzaileak Txinako esportazio-politika murriztaileen menpe daude.

Bauxitaren ordez, gatz-zepak birziklatzean sortzen den lehengai bat erabil daiteke, hots, bigarren mailako aluminio oxidoa. Aluminioaren Europako industriak milioi bat tona gatz-zepa ekoizten ditu urtean; txatarraren eta aluminiozko beste hondakin batzuen bigarren mailako fusiotik eratorriak dira horiek. Gatz-zepek gatzak, aluminio oxidoa, aluminio metalikoa eta ezpurutasunak dituzte, eta hondakin arriskutsu gisa sailkatuta daude EBn. Birziklatze-prozesuari esker, hainbat produktu berreskura daitezke, besteak beste, oxido metalikoak. Horien aluminio-edukia % 60-70ekoa da pisuan, eta transformazio-prozesu batetik igaro ondoren, bauxitaren alternatiba bihurtzen dira.

KOLABORATZAILEAK

LIFE BAUXAL-II proiektuak, zeinaren buru BEFESA baita, urtean 650 t tratatzeko gaitasuna duen prototipo erakusle bat eraiki du, bigarren mailako aluminio oxidoa, zeina aluminiozko gatz-zepak birziklatzearen azpiproduktu gisa lortzen baita, agregatu erregogor bihurtzeko prozesu berritzaile bat gauzatzeko. BAUXAL izenez ezagutzen da agregatu hori, eta INSERTECek masa erregogor berriak garatzeko oinarri gisa erabili ahal izango du. Gradu erregogorreko bauxiten ordezko egokia izango da, eta, beraz, horien ekoizpenak murriztu egingo du EBk bauxita-inportazioekiko duen mendekotasuna. Proiektuaren bidez, baliabideen efizientzia frogatuko da eta ekonomia zirkularraren politika aplikatzen lagunduko da; horretarako, mineral naturalak birziklatze-prozesu batetik eratorritako bigarren mailako material batekin ordezkatuko dira.

Aurreikusitako emaitzen arabera, 1.000 tona gatz-zepa balorizatuko dira, eta gutxienez 650 tona bigarren mailako aluminio oxido findu (REFINAL) ekoitziko. Horiek aluminioaren, altzairuaren eta burdinaren hainbat aplikaziotan frogatuko dira, BAUXAL agregatu erregogorraren 200 tonaren bidez.

Era berean, Europako merkatu objektibo definitu bat sortu nahi da, baita BAUXALerako negozio-plan bat ere. BEFESAk urtero 600.000 tona gatz-zepa kudeatzen ditu; beraz, proiektu honen arrakastak eta BAUXAL agregatu erregogor bihurtzeak % 43 murriztuko lituzke gradu erregogorreko bauxitaren inportazioak EBn.

IHOBEk LIFE BAUXAL-II proiektua diseinatzen lagundu du, proiektuan bizi-zikloaren ikuspegia txertatzen eta emaitzak sustatzen eta transferitzen.

LIFE BAUXAL-II proiektuaren diseinuari laguntza teknikoa eman dio IHOBEk, EKOBERRIKUNTZA PROIEKTUEN FABRIKA ekimenaren esparruan.

LIFE BAUXAL-II proiektua Europako LIFE programak finantzatu du (LIFE17ENV/ES/00160).