Lurzorua kutsadura hartzen duen ingurune kalteberenetako bat da, eta jasaten duen eragina arazo global larria da. EAEn eragina jasan duten 12.448 leku posible daude. Pertsonen osasunerako eta ekosistemetarako arriskutsua izan daiteke hori, eta, gainera, balio ekonomikoa galtzea eragiten ditu. Lurzoruen konponketa lehentasunezko ingurumen-eremuetako bat izan da eta da, baina, hala ere, lehengoratze-teknologien erabilera oso urria da; indusketa eta zabortegira eramatea dira erabilienak.
IRAGAZek, alegia, BIONANO 2.0 proiektuaren enpresa sustatzaileak, aukera berriak eta hobetuak ditu lurzorua on-site lehengoratzeko. Proiektua garatzeko, honako hauen laguntza izan du: NEIKER eta GAIKER zentro teknologikoak, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA (UPV/EHU), AZKOITIKO UDALA eta BURTZEÑA ENPRESA PARKEA.
Lurzoruak deskontaminatzeko teknika bideragarri eta jasangarriak garatzea: burdinazko nanopartikulen bidezko nanokonponketa, konpost bidezko biokonponketa eta bien teknika mistoa.
Merkatuari ingurumenaren aldetik jasangarriak eta lehiakorrak diren teknika berriak eskaintzea.
Kasu bakoitzerako teknika eraginkorrena aukeratzea, kutsaduraren ezaugarrien, denboraren eta abarren arabera.
Kaltetutako espazioak lehengoratzen laguntzea, zabortegietan ez botatzea eta beste hondakin batzuen erabilera sustatzea, hala nola konpostarena.
EMAITZAK
TPHak (petrolio-hidrokarburo totalak) % 33 murriztea 4 hilabetetan, HHSen (hiri-hondakin solidoak) konpostaren bidezko biokonponketa erabiliz. Jarduera biologikoa errazten da, biopila estatiko operatiboki dinamiko eta monitorizatu baten bidez.
TPHak % 35 murriztea, PAHak (hidrokarburo polizikliko aromatikoak) % 50, eta beruna % 70ean finkatzea, antimonioa % 90ean eta artsenikoa % 65ean, nanoburdin zerobalentearen (nZVI) bidezko nanokonponketa erabiliz. Horrek erreduktore ez-toxiko indartsu gisa jokatzen du, eta gai da kutsatzaile metaliko, organiko eta organokloratu ugarirekin erreakzionatzeko.
TPHak % 70 murriztea 2 hilabetetan, BIONA nano-biokonponketa erabiliz, hau da, nZVI nanopartikulen eta HHSen konpostaren teknika mistoa erabiliz. Sinergia positiboak dituen teknologia sekuentziala da: konponketa handiagoa da denbora laburragoan eta kutsadura mistorako irtenbidea du.
IRAGAZek patente bat lortzea BIONA nano-biokonponketa teknika mistoari dagokionez.
ONDORIOAK
IRAGAZek lurzoruak tratatzeko 3 teknika lantzen ditu; ez dira ingurumenarekiko erasokorrak, ezta izaki bizidunentzat toxikoak ere. Kasu zehatz bakoitzean, teknikarik egokiena zein den baloratu behar da.
IRAGAZek patentatutako BIONA teknologia berritzaileak konponketaren eraginkortasuna eta efizientzia handitzen ditu; denborak eta kostuak murrizten ditu, eta erabilerak zabaldu (adibidez, kutsadura mistorako).
Metodoen konbinazioari esker, tratamendu espezifikoagoetarako oxidazio-erredukzio kimiko/biologikoko erreakzioen sekuentziak plantea daitezke.
BIONANO 2.0ren emaitzetatik abiatuta, IRAGAZek jarduera berria sor lezake lurzoruak lehengoratzeko eta eremu deprimituen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko.