IRTENBIDE NATURALAK DONOSTIAKO HIRI INGURUNEEN BIRSORKUNTZAN
KOPENHAGEK, ROTTERDAMEK, PARISEK, LONDRESEK ETA VITORIA-GASTEIZEK, besteak beste, berdetzearen eta naturalizazioaren aldeko apustua egin dute klima-aldaketara egokitzeko neurri gisa. “Irtenbide Naturalak” naturan oinarrituta daude, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-onurak dakartzate eta ekosistemen zerbitzuen erabilera indartzen dute, hiri edo hiriperiferiako inguruneetan dauden azpiegiturekin batera. Hala ere, Irtenbide Naturalen aplikazioen onurak oso gutxitan kuantifikatzen dira, eta kualitatiboki soilik adierazten dira.
NEIKER Zentro Teknologikoak zuzentzen du NATURBIDEAK, eta bertan TECNALIA Zentro Teknologikoa eta DONOSTIAKO UDALA elkarlanean aritu dira.
Metodologia komun bat ezartzea, lehen aldiz Irtenbide Naturalen onurak kuantifikatzeko lau ingurumen-aldagai kontuan hartzen dituena (biodibertsitatea, karbonoa antzematea, konfort termikoaren hobekuntza eta jariatze-ura antzematea) adibide praktiko batean integratuta, eta horietako bakoitzaren erronkei erantzuna ematen diena.
EMAITZAK
Metodoa Donostiako udalerriko “L.M.06 - TXOMIN ENEA” eremuan balioztatu da.
Azterlan bat egin da “MESO” eskalan, eta Txomin Enean proiektatutako ibai-parkearen onurak ebaluatu dira bertako irtenbide natural gisa, eta baita hark zati urbanizatuari egin diezaiokeen ekarpena ere.
Azterlan bat egin da “MIKRO” eskalan, eskala txikiko irtenbide naturalen proposamenekin, eta horien eraginkortasuna kuantifikatu da.
Inguruko eraikuntza-proiektuetan ezin izan da aldaketa handirik egin, oso definizio-fase aurreratuan daudelako, baina Irtenbide Naturalei dagokienez tokian bertan gauzatu daitezkeen ekintzak adostu dira udaleko teknikariekin, hala nola: lurzoruaren estalkia eta landaredia handitzea edo zoladura iragazkorrak jartzea.
ONDORIOAK
Txomin Enea osoko “MESO” emaitzak positiboak izan dira, ibai-parkearen irtenbide naturalari esker; izan ere, askotariko hegazti asko dituen komunitatea dago bizitegi-eremutik gertu, eta baita makrofauna aberatsa eta ugaria ere. Aldagai termikoari dagokionez, ibai-parkeak eremu urbanizatuaren gainean hozte ahalmena duela egiaztatu da. Hala ere, Txomin Eneako urbanizazioa modu bakartuan eraikitzeko oraingo proiektuak diagnostiko negatiboa erakusten du.
Lan-metodo honek administrazioari erabakiak hartzen laguntzen dio, eta Irtenbide Naturalak diseinatu eta merkaturatzen dituzten enpresek aplikatu beharreko ezagutza sortzen du. Emaitzak bat datoz Europako hainbat proiektutan egiten ari diren azterketekin eta EBk finantzatutako Irtenbide Naturalei buruzko ikerketa ildoekin.